----------------------------------------------
ULERTZEKO:
KEPA&MUTRIKU
......................................................................
TAPIA&LETURIA
-------------------------------------------------
5.5.13. 1988. urteko Trikitixa Txapelketa Nagusia
Jarraian ikusiko dugunez, aurreko moldeak mantendu nahi zituzten jotzaileen eta bide berriak esploratu nahi zituztenen arteko eztabaida bizia eragingo zuen 1986. urteko edizioan nabarmenki azaleratu eta txertatzen hasi zen paradigma berriak.
Irailak 25ean Donostiako Anoeta Belodromoan ospatu zen Esteban Larrañagak aurkeztu zuen (Hainbat 2018: 1988) txapelketa nagusiaren hamabigarren finala. Aurreko lehiaketa nagusiaren ondotik irrika eta ikusmina handia zegoen Trikitixa zaleen artean346. Final nagusiaren hurrengo eguneko El Diario Vasco egunkariko azalean nabarmentzen zenez, Anoetako Belodromoa bete zuten 8000 lagun inguru bertaratu ziren ekitaldi hau zuzenean bizitzera (El Diario Vasco 1988: azala). Joseba Tapia eta Kepa Junkerak aurreko norgehiagokan egindako ekarpenak zale berriak erakarriko zituen (Harana 1988a: 46). Tartean bazen, ordea, aurreko edizioan entzundakoaren harira joateko irrika hori agertzen ez zuenik ere. Iturbidek dioskunez, azken norgehiagoka ez geroztik, askoren artean, Esteban Larrañaga antolatzaileari bazterra joko zutela esana zion347. Loiolako panderojolearen arabera, batzuk egin nahi zituzten aldaketen haritik nahaspilatuta zebilen Trikitixa mundua (Unzueta 1988: 51). Iturbideren iritziz, ahal zen neurrian dantzara bideratutako aurreko ahaireekin mantendu behar zen Trikitixa (Unzueta 1988: 51). Belaunaldi berrien soinu txikia interpretatzeko esku trebetasunari zoragarri irizten bazion ere, soinujoleena beharrean txapelketa nagusia trikitilarien norgehiagoka zena nabarmendu zuen panderojole loiolatarrak Peru Unzuetari eskainitako elkarrizketa berean (1988: 51). 1986. urteko txapelketan agerian gelditu zen bariazioek aldaketa ugari ekarri zituztela eta gailentzen ari zen joera honen aurrean puntuatzen ziren piezen lehengo izaera errespetatzearen aldeko apustua egin behar zena defendatu zuen Iturbidek (Unzueta 1988: 51). Hala, Loiolako panderojoleak ez zituen aurreko txapelketan taularatutako soinu txikia interpretatzeko molde berriak entzun nahi baina, Lajaren iradokizunari jarraituz, bertaratu eta zuzenean bizituko zituen han jazotakoak.
Jose Ignacio Ansorena txistulariak, Fernando Arrazabal, Jose Maria Iriondo eta Peli Arrizaga akordeoilariek eta Manuel Iztueta (El Diario Vasco 1988: 74) epaimahaikideek baloratuko zuten ondoren zerrendatzen diren trikitilari bikoteen lana (Hainbat 2018: 1988):
- Maixa Lizarribar eta Ixiar Oreja, Juan Joxe eta Xabier Zendoia Jauregi anaiak,
Laura Apeztegia eta Jokin Jauregi, Juan Ramon Altuna Imuntzo eta Xabier Errasti Epelarre, Xabier eta Ibon Alberdi Zabale anaiak, Martin Aginagalde eta Imanol Urkizu, Kepa Junkera eta Joxe Mari Santiago Motriku, Joseba Tapia eta Xabier Berasaluze Leturia.
Trikitixa final batetara iristen ziren emakumeek osatutako lehen trikitilari bikotea osatuko zuten Maixa ta Ixiarek (El Diario Vasco 1988: 74).
Laura Apeztegia lesakarra, berriz, lehiaketa nagusiko egun handira iristen zen lehen trikitilari nafarra izango zen (El Diario Vasco 1988: 74).
Interpretatutako piezen egiletzari so eginez gero, edizio honetan ere aurreko edizioan koplari eman zitzaion bultzadari jarraipena eman zitzaion. Konposizioen letren egiletzari dagokionean, Martin, Imanol, Agiña, Sebastian Lizaso, Xabier Amuriza eta Anjel Mari Peñagarikanok osatu zituzten abestu ziren hamalau konposizioetako hitzak (Hainbat 2018: 1988). Zabale anaiak izan ziren kantatu behar ziren bi piezetarako berezko hitzak osatu zituzten bakarrak (Hainbat 2019: 1988).
Maixa ta Ixiar eta Jauregi anaiak, berriz, lehiaketan arerio zuten Martinen hitzak abestu zituzten (Hainbat 2019: 1988).
Laura Apeztegia eta Jokin Jauregiren kasuan, lehiaketara Martinekin aurkeztu zen Imanolen hitzak abestu zituzten (Hainbat 2019: 1988).
Musikaren konposizioari dagokionez, berriz, Maixa ta Ixiar izan ziren pieza guztietan doinu herrikoiak baliatu zituzten trikitilari bikote bakarra (Hainbat 2019: 1988). Jauregi anaiek ere aurreko doinuekin uztartuko zituzten Trikitixari zegokion txapelketarako sortutako hitzak (Hainbat 2019: 1988). Gainerako piezetan, akordeoilari esanguratsuek, lehiaketako arerioek eta trikitilariek beraiek sortutako doinuak plazaratuko zituzten jotzaileek (Hainbat 2018: 1988):
Aurreko edizioan Kepa Junkerak egin bezala, Imuntzo eta Epelarre, Martin eta Imanol, Tapia eta Leturia eta Junkera eta berarekin aurkeztu zen Motriku trikitilari bikoteek pieza guztien doinuen egiletza soinujolearen esku uzteko apustua egingo zuten (Hainbat 2018: 1988).
Panderoaren interpretatzeko moduetan ere kontra-golpe eta txapelketarako espresuki prestatutako kolpeen bidezko berrikuntzak sartzen ere ahalegindu zela adierazi zuen, esaterako, Leturiak (Harana 1988a: 47).
Sailkapenari dagokionez, berriz, Tapia eta Leturiak eskuratu zuten, bigarren aldiz, lehiaketa nagusiko txapela (El Diario Vasco 1988: 74) arestian aipatutako panderoa jo, abestu eta, batez ere, soinua interpretatzeko moduetan sartutako berrikuntzen ildotik. Azken alderdi honek erakarriko zuen, beste behin ere, jendartearen arreta. El Diario Vasco egunkariaren finaleko kronikaren arabera, Trikitixaz zuten ikuskera eraberritzaileari jarraiki, zegokionean bi ahotsetara abestu zituzten eta jendartearen gozamen iturri izan ziren doinu berriak aurkeztu zituzten gipuzkoarrek (1988: 74). Leturiak adierazi zuenez, ekitaldi honetarako pieza berritzaileak aukeratu izanak ez zuen eurak ere jotzen zuten Trikitixa klasikoaren aurka zeudenik esan nahi (El Diario Vasco 1988: 74).
Bigarren sailkatuen izenek jendartearen zati handi bat ustekabean harrapatu zuen, ordea. Izan ere, txapeldunordeak Junkera eta Motriku izango zirela uste bazen ere, Martin eta Imanolek eskuratu zuten ohore hau (El Diario Vasco 1988: 74). Anoetako Belodromora bertaratu zen jendartearen zati handi batek txistuz jaso zuen epaimahaiaren ebazpen hau (El Diario Vasco 1988: 74). Mielanjel Haranak ere erabat gaitzetsiko zuen arestian aipatuta ebazpena (1988a: 48).
Txapelketaren ostean, euren lanaren gogortasuna nabarmendu zuen lehenik, epaimahaikide izan zen Jose Ignazio Ansorenak (Harana 1988a: 48).
Txistulariak Haranari adierazi zionez, interpretazioaren benetakotasunak ez ezik egiazkotasun honetatik zenbateraino urruntzen zen baloratzea tirabira iturri izan zuten epaileek (1988a: 48).
Benetakotasuna galdu baina musikaltasuna irabazteak egiazkotasun hori baloratzeko irizpideak batzea oso zaila egiten duela onartzen zuen Ansorenak (Harana 1988a: 48).
Txapelketaren ostean Argia astekarian idatzitako artikulu mamitsuan, norgehiagoka nagusiaren aurreko edizioan azaleratutako joeren garapenak digitazioaren gailentzea eta honen ondoriozko erritmoen kontrola eta adierazpen musikalaren mugaketa ekarri zuela nabarmendu zuen Mielanjel Haranak (1988a: 46).
Belaunaldi aldaketarekin batera gazteek dantzara beharrean entzuketara zuzendutako doinuak ekarri zituztela nabarmendu zuen Joxemari Iriondok (1988: 1). Belaunaldi berriek soinu txikia interpretatzeko moduetan digitazioa eta birtuosismoa lehenesteak aurreko doinuen berrikuntza ez ezik ordu arte ezezaguna zen giro bat ekarri zuten, azpeitiarraren esanetan (Iriondo 1988: 1). Hala, Trikitixaren kaletartzea dantzaren bazterketarekin ordaindu eta landa eremuko lehengo erromerietan Trikitixak bere funtzioa betetzen jarraituko ote zuenaren kezka agertuko zuen, 60eko hamarkadatik aitzinerako Trikitixa Txapelketa Nagusien sustatzailea izan zen Joxemari Iriondok (1988: 1).
El Diario Vasco egunkarian Pako Aristik idatzitako “Trikitixa bero bero” iritzi artikuluak eztanda araziko zuen, ordea, puri-purian zegoen Trikitixa mundua. Txapelketan entzundako ahaire berriak txertatuko ote zirenaren eta hauen mugak zein zirenaren inguruko galderak mahaigaineratu zituen, bertan, idazle azpeitiarrak (Aristi 1988: 74). Aristiren aburuz, Gipuzkoan baino pisu gutxiago zuen tradizioak Bizkaian eta inguruabar horrek ahalbidetu zuen aurrekoarekiko haustura eta berrikuntza bizkaitarren eskutik etortzea (1988: 74). Hein batean partekatzen dugun iritzia, bestalde. Izan ere, Unai Iturriagak iradoki bezala, tradizioaren pisurik ezak askatasuna ere badakar berarekin eta, gozamena ez ezik (Perez 2016) berrikuntza eta eraldaketa ere ahalbidetzen du. Horixe adierazten digute, esaterako, Kepa Junkera eta aurretik ikusitako Miren Etxanizen kasuek. Joseba Tapiak, ordea, tradizio horren jakitun eta partaide izateak eremu, hots, giza talde horren kide gisa aitortua den heinean, kasu honetan “barrutik” eragindako eraldaketa horien gauzatzea eta onarpena ahalbidetzen dutela ere gogorarazten digu349: “…landa munduko horrek ere,… gu ere beraien artekoak garenez, errazago onartzen dizkigute gure aldaketak. Orduan bi gauza pasatzen dira: txalotzen duzu eta gorrotatzen duzu,…eta txistua jotzen diozu…baina txapelketa ez da gunea. Txapelketa promozioa da, marketinga”.
Bestalde, Gose eta Kobanen kasuak aztertzean ikusi ahal izango dugunez, jasotakoaren aurreko erreakzioak ere eraldaketa eta berrikuntza ahalbidetzen dutelakoan gaude.
Arestian aipatutako Pako Aristiren artikulura itzuliz, Kepa Junkeraren proposamenen aurreko erreakzioak ere jaso zituen idatzi honek. Idazle azpeitiarraren arabera, trikitilari bizkaitarra jotzen ari zena trikitixa ez zela esaten hasi zen txapelketara bertaratuko jendartearen zati bat eta gizon bat zutitu eta charlestona dantzatzen arituko balitz bezala mugitzeari ekin zion (Aristi 1988: 74). Jokaera hau edanak edo entzuten ari zenaren aurreko erreakzioak eragina ote zen itauntzen zuen, Aristik (1988: 74). Entzuketara bideratuta omen zegoen molde berri hau erromerietako dantzaren gainbeheraren ondorioa izan zitekeenaren hipotesia planteatzen zuen, idazle azpeitiarrak, Kepa Junkerak erakutsitako esku trebetasuna, izaera errebeldea eta musika zein trikitixarekiko zuen ikuskerarekiko agertu zuen koherentzia goraipatzearekin batera (Aristi 1988: 74). Kepa Junkeraren dohain hauek txapelaren edo bigarren postuaren merezidun egiten zuela gaineratu zuen, Aristik (1988: 74). Idazle azpeitiarraren ustez, tentsioan zeuden bi ereduen arteko erdibidearen alde egin zuten epaimahaiko kideek eta, azken beltzean, jendearen gustuak erabakiko zuen bata zein bestearen arteko dema (1988: 74). Joseba Tapiak gogorarazten digunez, Kepa Junkeraren proposamen apurtzailea kritikatu zutenek ere bai350:
(…) Baina zer gertatu da? Txapelketa guztietan bezala… berrikuntza gero, ikusi egiten dela jendeak zeinek eta, zer jotzen dute han txistua jo zutenen umeek txapelketetan? Kepak jo zuena, ez Tapiak jo zuena. Hori da txapelketa. Eredu puskatzaileak eta berriak ez ditu onartzen, denborak onartzen ditu.
Kepa Junkera arin-arina interpretatzen hasi zenean jendartetik atera zen gizonaren pasadizoa jasotzen duen Pako Aristiren artikulu hau irakurri eta erantzuteko beharra sentitu zuela kontatzen digu aurreko ahaireei eutsi behar zaiena defendatu izan duen Iturbidek. Esan eta egin. Egunkari berdinean aste bat beranduago argitaratutako Trikitixa edo rock iritzi artikulu bidez erantzungo zion Iturbidek Pako Aristiri.
Iritzi artikulu ezagun honen edukiak ezagutu aurretik garaiko landa munduan eta, zehazki, Trikitixa munduan rockak zuen esanahia ezagutzera emateari beharrezko deritzogu. Horretarako, Joseba Tapiak Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak sustatutako Inpernuko Poza Jardunaldien bosgarren edizioan esandakoak gogora ekarriko ditugu. Izan ere, Joseba Tapiaren esanetan, etxetik entzuten ziren doinuen erritmora botatako garrasiak eta mugimendu musikal haren eragile zein jarraitzaile zirenen estetika zela eta, garaiko gazteak (bereziki, emakumezkoak) galbidera eraman zitzakeen kanpotik etorritako adierazpen musikal gisa hartzen zuen, jende helduak, rocka. Belaunaldi berriek, aldiz, ikuskera hau hertsitzat jo eta pentsaera zabaldu, kanpokoa ezagutu eta bertara ekarri nahi zuten, lasartearraren arabera.
Iturbidek kontatu digunez, aurreko edizioaz geroztik esaten ari zen guztia alferrekoa zenaren ustez bere buruarekin haserre atera zen 1988. urteko norgehiagoka nagusitik. Finaletik atera orduko, ordea, esaten zituenak ontzat jotzen zituenen aldetik zorion asko jaso zituela ere gaineratzen digu. Aipatu dugunez, Pako Aristik esandakoei erantzuteko Trikitixa edo rock iritzi artikulu entzutetsua idatziko zuen. Kepa Junkeraren arin-arina protesta gisa rock estilora dantzatu zuen gizonezkoak356 entzuten ari zena Trikitixa ez zela konturatuta egin zuen ekintza honengatik txalotu egin zuela adieraziz ekin zion bere kritikari, Imanol Arregi Iturbidek (Arregui 1988: 66). Ildo honetatik, panderojoleak Trikitixaren inguruko ezagutzarik gabe hitz egin izana leporatuko zion Pako Aristiri finalean entzundakoa Trikitixa ez zela adieraztearekin batera (1988: 66). Soinujoleen esku-trebetasuna aitortzen badu ere, 1988. urteko norgehiagoka akordeoilariena beharrean Trikitixa jotzeko gaitasuna neurtzen zuen lehiaketa zela gogorarazi zuen Iturbidek eta, bere ustez, honi erreparatu ez zietenei bideratutako kritikak plazaratu zituen iritzi artikulu honen bidez (1988: 66). Ildo honetatik, finalean entzundakoa Trikitixa Berritzat jo zutenei, halakorik ez zegoela eta, egotekotan, honi lotutako dantza berririk ere sortu beharko litzatekeela erantzun zien, panderojole loiolatarrak (1988: 66). Trikitixaren, jotzailearen eta txapelketa nagusiaren izaera definitu nahian luze eta zabal jarduten da, jarraian, Iturbide. Panderojolearen arabera, Trikitixa eta fandangoaren artean bereizi behar zen eta soinujolerik hoberenei ere askotan ezinezko izan zitzaien Trikitixako ahaire berezi gisa hartzen duena interpretatzea (1988: 66). Soinu txikiarekin interpretatzen den guztia Trikitixatzat hartzearen aurka agertu zen, Iturbide, eta arestian aipatutako Trikitixa ahaire hori parte hartzaileen erdietan baino ez zuela atzeman gaineratu zuen (1988: 66). Zentzu honetan, norgehiagoka nagusiko txapeldunak eta hauek saritu zituen epaimahaikideentzako hitzak ere izan zituen Iturbidek. Ahaire berezi horiek interpretatzeko gai izanik, lehiaketan barna hauekin bat ez zetozen doinuen aldeko hautua egin izana leporatzen zien txapelketa nagusia irabazi zuten Tapia eta Leturiari (1988: 66). Epaileei, berriz, berrikuntza saritu izana egoztearekin batera, Trikitixa txapelketetan sormena beharrean lehengo doinuak interpretatzeko gaitasuna epaitu behar zena gogorarazi zien (1988: 66).
Iturbideren iritzi artikuluak ez zuen Pako Aristiren erantzunik jaso. Joseba Tapia eta Kepa Junkerarena bai, ordea. Txapelketa eta Iturbidek adierazitakoen inguruko euren ikuspegia azalduko zuten biek hilabete bat beranduago Donostiako Victoria Eugenia Antzokian eskainitako prentsaurrekoan (Argia 1988: 45). Kepa Junkera berak ere luze eta zabal hitz egingo zuen txapelketa eta trikitixaren inguruan zuen ikuskeraz egun batzuk geroago Argia astekarirako Mielanjel Haranari eskainitako elkarrizketa luzean. Bilbotarraren arabera, bestelako alderdiei erreparatu beharrean bere gustuaren arabera aukeratu zituen txapelketa nagusian interpretatzeko klasikoak edo berritzaileak ziren melodiak (Harana 1988b: 36). Ordu arte eman gabeko Trikitixa denaren edo ez denaren eztabaidaren harira, berak interpretatu zuena adierazpen musikal honen baitan sartu behar dela adierazi zion Haranari, Junkerak (1988b: 37). Bilbotarraren aburuz, ordu arteko sormen faltak jendartean doinu jakin batzuk errotu izana ahalbidetu zuen eta, ondorioz, berrikuntza asimilatzea zaila egiten zitzaion baina, aurreko edizioko bere piezak dagoeneko gazteek ikasten zituzten klasiko bilakatu izanak, hau posible zela erakutsiko luke (Harana 1988b: 36). Hala, aniztasunak edo ikuskera desberdinek lekurik ba ote duten eta entzuketara bideratuta dagoen bestelako tonu edo piezaz sortutako musikarik zergatik ezin zitekeen egin galderak mahaigaineratu zituen. Jendartearengandik jasotako erantzunarekin pozik bazegoen ere, txapelketaren antolaketan parte hartze aktiborako aukera eza, jendarte andana erakartzeko erabiliak izateak eta sortzeko askatasun ezarekin erabat kritiko agertu zen trikitilari bilbotarra (Harana 1988b: 37- 38). Gizartearen eremu guztietan ematen ari zen aldaketetara egokitu eta mota guztietako gazteak alde edukiko bazituen, trikitixaren baitan ikerketa lana (erritmo berrien bilaketa, akordeak, erritmoen lanketa, musika-tresnen arteko elkarrekintza, beste erritmoekin esperimentatzea, etxean erabiltzeko baliagarri izango ziren beste herrialdetan akordeoi diatonikoa jotzeko moduen ezagutza) egin beharra zegoenaz ohartarazi zuen Junkerak Argia-ri eskainitako elkarrizketa berean (Harana 1988b: 38- 39).
Iturbidek luze eta zabal adierazten digu jotzailea, Trikitixa eta txapelketaren inguruko bere ikuskera eta iritzia. Bere arabera, txapelketan bariazioak sartzen hasi ziren eta oso zaila da kantatzen den Trikitixari lehengo zaharren doinua ematea. Munduan jazotako aldaketen ondorio gisa hartzen ditu, bere aburuz, musika irakatsiz eskolek ahalbidetu duten Trikitixan emandako eraldaketak eta egungo jotzaileek duten esku- trebetasuna ikaragarria dela gaineratzen digu. Jotzaile hauek “giro bat dagoen tokikoak” izateak dakarkien berezko sena beharrezko dute, Iturbideren arabera. Lekuaz haratago, soinua sentitzen duen orok aurrera egiten duena ere gaineratzen du, ordea, panderojole loiolatarrak.
Edonola ere, “lehengo zaharra maite” duelarik, jotzaile berriek trikiti zaharrari ez diela heldu diosku eta, osotasuna erdiesteko, abilidadea ez ezik lehengo moldeari gutxienez eusten saiatu beharko lioketela gaineratzen du, Iturbidek, elkarrizketa berean. Izan ere, “sentidua oso desberdina” dutenez, Trikitixako lau pieza klasikoak diferenteak direla mantentzen du panderojole loiolatarrak. Trikitixa gisa ezagutzen den pieza nabarmentzen du, ordea. Bere esanetan, Trikitixa lehengo soinu jotzaileek interpretatzen zuten dantzatzeko modua baldintzatzen duen bi konpas gehiago dituen fandango kantatua da. Urtero ospatzen diren Nafarroako joten lehiaketetan egiten duten antzera, Trikitixak ere baduen “zerbait bariatuko baldin bada ere” betiko airea, hots, oinarriari eutsi behar die txapelketek, panderojole loiolatarraren aburuz. Hala, abilidadeak erakusteko jaialdi bat eta lehengoko aire edo moldeari eutsiko liokeen txapelketa bat egotearen aukerari egoki deritzo Iturbidek. Bere iritziz, Trikitixa txapelketa ez da akordeoi lehiaketa eta, 1988. urteko txapelketa nagusian ez bezala, Trikitixari (aurreko aire horri) eutsi eta hau saritu behar da.
Joseba Tapiak ere eman digu txapelketako bere bizipen eta sentipenen berri. 1986 eta 1988. urtetako txapelketek “zapore gazi gozoa” utzi ziotela adierazi zuen, lasartearrak, 2007an ospatutako Inpernuko Poza jardunaldien bosgarren edizioan.
Belodromora bertaratutako jendartearen zati batek bezala, bidezko garailea Kepa Junkerak behar zuela adieraziko zuen arestian aipatutako jardunaldien baitan:
(…) Puskatu, berritu eta harritu hark egin gintuen, ez zen justua izan epaia. Justiziarik gabe irabazteak ez du trankil uzten bat eta beraz ez ginen trankil geratu...Kepa artista bezala joan zen txapelketara bere sormena eta abilezia muturreraino eramaten saiatu zen ez zen txapela irabaztera joan,...inozente joan zen. Ez zuen ondo kudeatu bere emana, ez zion keinu konplizerik egin juradoari, jakin behar zuen eta bazekien juradoen mentalitatea nolakoa zen. (Joseba Tapia 2007)
1988. urtean sortutako eztabaidaren zergatiaz galdetuta, kritikariek ezagutzen zuten mundua kulunkan sentitu zutelako izan zela ere baieztatzen digu, Joseba Tapiak362. Belaunaldien arteko “talka normal bat”, trikitilari lasartearraren hitzetan.
Tapiaren arabera, 1986. urteko txapelketan epaimahaiak ez zuen berrikuntzarik handiena txalotu baina jendea hura ikaragarria izan zenaz konturatu zen. Bi urtetan hori barneratu eta 1988. urteko txapelketara Kepa Junkera txalotzera, hots, saritzera joan zela diosku, trikitilari lasartearrak. Baina Junkerak ez zuen 1986. urtekoa egin baizik eta, pasatu egin zela Tapiaren iritziz. Horregatik, hots, hainbeste urrundu ez zirelako, irabazi zuten Tapia eta Leturiak. Lasartearraren arabera, horrek ez du esan nahi eurak berrikuntzarik egin ez zutenik baina Tapiak neurriagoan eta Junkera pasa egin zela diosku Tapia berak.
Kepa Junkerak behin edo behin ere gogora ekarriko zituen txapelketako bere bizipen eta sentipenak. Armonia, eskala eta erritmo berriak sartzeagatik ez ezik soinu txikirako zuzenean konposatu zituen abestiengatik bereziki kritikatua izan zela adierazi zuen bilbotarrak (Cubillo 1996: 2). Kepa Junkerak ondo gogoan zuen Trikitixak behar ez zuen bidetik zihoala batzuk nola esan zuten (Brea 2008: 31). Dantzaria zen bere amaren laguntzaz abesti hauen dantzagarritasuna lehiaketa aurretik frogatu zuela aintzat hartuta, Kepa Junkerak irrigarritzat jo zituen norgehiagoka nagusietan jasandako kritikak (Martirena 2003: 37). Kontrako jarrera hauek txapelketak alde batera uzteko erabakigarriak izan zirela adierazi zuen hogei urte beranduago (Brea 2008: 31).
Bere aldetik, norgehiagoka nagusiaren finalean bizitutakoak txapelketara gehiago aurkeztu behar ez zuteneko erabakia hartzera eraman zuten Motriku:
(…) creo que lo que hicimos en el 86 y lo que hicimos el 88, incluso, ahí la vivencia fue peor para mí…yo le dije a Kepa…creo que no tenemos que volver más a una txapelketa…por respeto…hacia nosotros. Es algo interno que yo no lo he dicho, es una opinión personal,…en el 88,…quedamos los terceros y casi los cuartos. Para mí, honestamente creo que el jurado no estaba a la altura de las circunstancias,...Yo recuerdo, Ansorena que vino y yo a Kepa le dije, yo por mí…me voy, me marcho, sin decir nada, no pasa nada, no quiero nada…Kepa dijo, vamos a dejarlo, vamos, subimos y ya está. No dijimos nada…tú cuando vas a una txapelketa sabes a lo que te arriesgas. Por lo tanto, no es una crítica…tú vas a una txapelketa, sabes y te arriesgas a eso. Pero, al final, objetivamente dices, creo que hemos estado a un determinado nivel, yo no digo ganar,…técnicamente hablando, objetivamente hablando,…no llegaba a las notas, quedo segundo.
Txapelez haratago, ordea, trikitizaleen eta trikitilarien aitortzarekin gelditzen da, Motriku:
(…) pero, quizá, personalmente sí tengo esa impresión…que si hubiéramos sido gipuzkoanos pues igual las cosas hubieran ido de otra forma…pero, bueno, al final yo creo que hemos ganado muchas txapelas,…cuando, de verdad, la gente te viene y te dice…”nos ha gustado lo que habéis hecho, me ha llegado,…me ha gustado lo que habéis interpretado”. Treinta y tanto años después, …que todavía la gente te lo diga, me quedo con eso…incluso hoy en día que sientes que la gente como Jon Elustondo quiere que grabes por lo que representas dentro de la trikitixa…a mí me llama la atención porque yo he estado desligado,..siempre he estado ahí aunque he estado viviendo fuera muchos años.
Jarraian ikusiko dugunez ere, Txapelketa nagusiko edizio honetako protagonisten ibilbidea ez ezik mota honetako azken norgehiagoka eta Trikitixak handik aurrera izango zuen norabidea markatuko zuen 1988. urteko lehiaketa nagusiko finalak.
Doktoregaia:
Gurutze Lasa Zuzuarregui
EUSKAL KULTURAREN HIBRIDAZIO PROZESUAK:

0 comentarios:
Publicar un comentario