sábado, 31 de diciembre de 2022

PRENTSA OHARRA OLENTZERO AMURRIO

 


Hori ospatu, transmisioa bultzatu, gure kultura balioan jarri, Olentzero eguna urtez urte antolatzen dutenei aitortza egin eta parte hartzea bultzatzeko xedez, dantza herrikoi bat sortu dugu: Olentzerori opari. Hiru zatiz osatutako dantza hau, abenduaren 24an estreinatuko dugu Amurrioko herriko plazan.

Ekintza hau, komunitatea batzeko bide bat ere bada. Baita esperimentu bat ere, herriak bere egiten badu, ohitura bat sortuko baitugu. Ohiturak zerbait bizia direla agerian utziz.

Olentzeroren figurak hausnarketarako tarte zabala eskaintzen digu. Nor da Olentzero? Nondik dator? Bere sakoneko istorioa ezagutzen al dugu? Zeintzuk dira bere erroak eta nola interpretatu gaur egungo gizartearen beharretatik?

Dantzaren hiru zatietatik bigarrena eta hirugarrena edonork dantza egiteko modukoak dira, helburua ikusle pasibo izatetik parte izatera pasatzea baita. Olentzero, herri kultura, transmisioa,... komunitateak egiten baitu eta komunitatea interpelatzen baitu.

Ekintza honek, Olentzero eguneko kalejiraren bukaera erabat aldatuko du Amurrion, kultura eta parte hartzea erdigunean jarriko baititu. Kantuan eta dantzan aritzeko aukera izango dugu. Dena den, bi norabideko oparia den aldetik misterio pixkat gordeko dugu. Oparia Olentzerori, eta oparia guri, komunitateari.

Sortze prozesua

Olentzerori opari Argentina eta Euskal Herria artean sortu da. Dantza Aitor Alava Zurimendi Buenos Airesen bizi den Zuhatzarrak sortu eta musika Christian Alemany Artetak Laudion jaiotako amurriarrak asmatu du. Ideia osasun larrialdiko garaietan hasi zen ontzen eta aurtengo uztailean, azken detaileak itxiz bukatu zen, Aitorrek Euskal Herrira egindako bidaian.

Dantza, ahalik eta herritar gehienek ikas dezaten bultzatzeko, bideo tutoriala sortu dugu, halaber Aiara Dantza taldeari eta dantza herrikoiko tailerreko dantza maisuei erakutsi egin diegu, haiek beren ikasleekin landu dutelarik. Amurrioko ikastetxeetan ere, dantza landu dute eta horietako bitan, tailerra egin dugu 150 ikasle baino gehiagoren parte hartzearekin.

Hau guztia aurrera eramateko, Amurrioko Olentzeroren antolakuntzan diharduen Ohiturak elkartearekin elkarlanean aritu gara.

Olentzeroren inguruan garatzen ari garen proiektu zabalago baten parte da Olentzerori opari, zeinean Aitor Alava, Jose Miguel Llano eta Christian Alemany ari baikaren.

Abenduak 24rako oharrak

Larunbatean, ohi legez, 16:00ean kalejira abiatuko da Osasun Etxetik. Bidean ez dira faltako musika, dantza, jan-edana, goxokiak,... 18:00etan Olentzero oinez abiatuko da herriko plazara Amurioko parketik. Plazara heltzean kasu egin antolatzaileen oharrei, ez baita ohiko bukaera izango. Dantza eta kantuan arituko gara, Olentzero erdigunean jarriko dugu eta herritarrok plaza hartuko dugu. Gazte, heldu, ume, edadetu,.. izan gure konplize, ez geratu aparte eta parte hartu!


Ohiturak elkartea
Aitor Alava Zurimendi
Christian Alemany Arteta

Amurrio, 2022ko abenduaren 23an




0 comentarios:

Publicar un comentario