Argia dantzari taldearen “Zalakain Argentinan” proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu Jexux Larreak Dantzan Topaketetan. Gipuzkoako Dantzaguneko Sortutakoak Tradizionala 11 diru-laguntzetarako hautatutako proiektuetako bat izan da.
Ekimenaren baitan, 2025eko azaroan, Tandil hirian ospatutako Argentinako Euskal Etxeen Euskal Aste Nazionalean, Argentinako eta Uruguaiko 25 euskal etxetako dantza taldeek elkarlanean taularatu zuten Martin Zalakain ikuskizuna. Hilabete luzez online egindako lanaren ondoren, azken astean borobildu zuten egitasmoa, bertaratu zen Argiako musikari eta dantzari talde txikiaren laguntzaz.
Erronkaren nahiak gidatutako bidea
Jexux Larreak hasieratik azpimarratu du proiektuaren bultzatzaile nagusia: “Proiektu honek izen propioa du, eta izen hori Sara Urbieta da; bera izan da motorra, bere ekimenik gabe hau ez baitzen aurrera aterako”. Tandilgo Euskal Etxeko kide horren iniziatibari esker abiatu zen ideia. Gaztemundu programarekin Euskal Herrian izan zen duela urte batzuk, Martin Zalakain ikuskizuna ikusi zuen eta guztiz liluratuta gelditu zen.
kuskizuna argentinarrek Argentinan plazaratzeko Urbietaren nahitik abiatu ziren, baina ez zen erronka makala: “Aurrera eramateko ausardia behar zen, lan guztia online egin behar zelako, ordutegi ezberdinekin eta bi hemisferiotan banatuta egoteak zailtasun handiak sortzen baitzituen”. Testuinguru horretan, zalantzak izan zituzten, baina azkenean aurrera egin zuten erronkarekin.
Ikuskizuna zatika antolatu zuten Argentinako punta bakoitzeko dantza taldeen artean lanak banatzeko: “Ikuskizun osoa hemeretzi zatitan banatu genuen, eta horrek koordinazio lan handia eskatu zuen talde guztien artean”. Horretan, berriz ere, Sara Urbietaren lana giltzarri izan zela dio Larreak; “Euskal Etxeetako arduradun eta talde guztiak elkarlanean jartzea izan da lanik zailena, bakoitzak bere errealitatea eta bere ikuspegia baititu”.
Elkarlanetik sortutako indarra
Azken emaitzak dimentsio handiko ikuskizuna ekarri du; Larreak azaldu duenez, “gure ikuskizunarekin alderatuta, han 300 dantzari inguru elkartu ziren oholtzan, eta horrek egokitzapen berriak egitera behartu gintuen”. Parte-hartze zabal horrek berrikuntzak ekarri zituen: “Denek parte hartu nahi zuten, eta horregatik, jatorrizko ikuskizunari zati berriak gehitu behar izan genizkion guztiek lekua izan zezaten”.
Hala ere, kopuruez harago, benetako lorpena elkarlanean egon dela argi adierazi du Larreak: “Nik uste dut lortu dugun gauzarik garrantzitsuena Euskal Etxeen arteko elkarlana izan dela, lehen aldiz hainbeste taldek proiektu komun batean jardun baitute”.
Esperientzian honetan argentinarrek izan duten jarrera positiboa baloratu du: “Han bizitako sentsazioak benetan ederrak izan dira, jendeak izugarrizko gogoz erantzun digu, eta askotan guk proposatutakoa baino gehiago egiteko prest agertu dira”. Entseguetan bertan ere hori islatu zela dio; “batzuetan guk saioa amaitutzat ematen genuenean, eta haiek jarraitzeko gogoz agertzen ziren”. Azken batean, ohiko emanaldi isolatuetatik harago, kontakizun partekatu bat eraikitzea lortu zuten: “Oraingoan ez zen bakoitzak berea erakustea, baizik eta denak historia berean murgiltzea, eta horrek ematen dio benetako balioa proiektuari”
Etorkizunari begira ere baikor agertu da Larrea: “horrelako esperientziek erakusten dute posible dela elkarlanean gauza handiak egitea, eta agian beste leku batzuetan ere errepikatzeko aukera egongo da”.
ZALAKAIN-Semana Nacional vasca 2025



0 comentarios:
Publicar un comentario